Ekintzailetza
Jarri martxan!
Irabazlea Iban Bilbao eta Igor Etxaburu - Sotapatroi - Bermeo

Busturialdeko II. Enpresa Ideia Lehiaketa

2015/12/18 - Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan burutu da sari banaketa

Sotapatroi izeneko ideiak jaso du Busturialdeko II. Enpresa Ideia lehiaketaren lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Sarekin-ek bigarrena, 2.000 eurokoa, eta Urdaibarraski-k lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenaren saria jaso du, 1.000 euroko saria. Ekitaldia Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan burutu da.

Lehenengo saria jaso duen Sotapatroi aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzen duen sistema bat sortzea du helburu, patroia uretara eroriz gero ontzia geldiaraziko duen sistema, teknologi irekiak diren Arduino plataforma elektronikoa eta Ibeacon seinale igorlea Bluetooth bidez elkartuz.

Ideiaren sortzaileak, Iban Bilbao (Bermeo, 1982) eta Igor Etxaburu (Bermeo, 1981) bermeotarrak dira. Iban Bilbao Telekomunikazio sistemak eta Informatika aplikazioen garapeneko goi mailako zikloak egin ditu eta Igor Etxaburu Industri antolakuntzan ingeniaria da.

Bigarren saria jaso duen Sarekin ideia, arrantzarako erabiltzen diren sareekin produktu eta proiektu berriak egin ahal izatea proposatzen du, itsas-hamakak edo sare-arkitektura diseinu berriak, esate baterako.

Ideiaren sortzaileak Isabel Olalla (Mundaka, 1990) eta Naroa Oleaga (Mundaka, 1987) mundakarrak dira. Isabel Arkitekturan lizentziatua da eta une honetan “Eraikitako ondarearen eta eraikinen birgaitze, zaharberritze eta kudeaketan” masterra egiten ari da, EHUn. Naroa arkitekturako ikaslea da, une honetan gradu bukaerako proiektuarekin dabil.

Bestalde, lehen sektorearekin zerikusia duen ideiarik onenaren saria Urdaibarraski-k eraman du. Ideia barraskilo granja bat sortzea da, horrela, barraskilo freskoa, ontziratutako barraskiloa eta honen kabiarra saltzeko.

Ideiaren sortzaileak Xabier Garabiota (Bermeo, 1989) eta Iñigo Aramburu (Bermeo, 1987) gazte bermeotarrak dira. Ikasketaz, Xabier Garabiota Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua da eta Iñigo Aramburu, aldiz, Ingeniaritza Zibilean graduatua.

Horrela, lehenengo sarituak 3.000 euroko saria jaso du, bigarrenak 2.000 euro eta lehen sektoreagaz zerikusia daukan ideiarik onenak 1.000 euro.

Iñaki Gorroño Gernika-Lumoko Alkatea-ordea, Idurre Bideguren Bermeoko Alkateak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente-ordea eta mendatako Alkateak, Joseba Malleak, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko II. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuekin batera, jarri du martxan eta bere helburuak ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea edota eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago, ‘Lana bilatzea, lana da’ programaren barne. Lehiaketaren bigarren edizio honetara 15 enpresa ideia aurkeztu dira.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Irune Ormaetxea Legarreta
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz
  • HAZIko ordezkaria: Amaia Igarzabal Deba
  • Barrutialde BHIko ordezkaria: Begoña Andres Elorriaga

Baloratzerako orduan, besteak beste, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: proposamenaren izaera berritzailea, balio erantsia edota originaltasuna; proiektua bideragarria izatea, teknikoki, ekonomikoki eta merkatura begira; enplegua sortzeko daukan potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea edota Busturialdeko eskualdean proiektua aurrera eramateko aukera.

Argazki galeria
Bideoa
Non aurkitu gure bulegoak?