Ekintzailetza
Jarri martxan!
Irabazlea Maddi Amezaga - Bizkaiganeko Esneak - Errigoiti

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa

2016/12/16 - Mundakako Tribisarrope eraikinean burutu da sari banaketa

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek antolatu duten “Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketara” zazpi ideia aurkeztu dira 2016an eta irabazle bi izan dira. Hain zuzen ere, ALDAPEKO AHUNTZ ESNEKIAK izeneko ideiak irabazi  du 3.000 euroko lehen saria eta bigarren saria, aldiz, NAGUSIALDE ideiarentzat izan da, 2.000 eurokoa.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Mundakako Tribisarrospe eraikinean burutu da.

Lehenengo saria jaso duen Aldapeko Ahuntz Esnekiak, Guadarrama arrazako ahuntz esneki ekologikoak ekoiztea du helburu: antxumea, jogurta, esnekiak eta gazta, hain justu.

Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) gaztea izan da. Maddi Amezaga Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan teknikaria da.

Bigarren saria jaso duen Nagusialde proiektuaren helburua dementziadun pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea da Busturialdeko eskualdean, arlo kognitiboa, emozionala, konduktuala eta soziala landuz etxez-etxeko arreta psikologikoa emanez.

Legendika Zuazua Romero, 1991n jaiotako gernikar gaztea izan da ideiaren sortzailea. Psikologian graduatua, Osasun Psikologia Orokorreko masterra, Neuropsikologian aditua graduondokoa eta Psikogerontologian Espezialista Graduondokoa.

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusia, Benito Ibarrolaza Bermeoko Alkateordea, Lourdes San Severino, Gernika-Lumoko udaleko Gazteria zinegotzia eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente eta Arratzuko Alkateak, Josu Sabin Olanok, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta  Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan eta bere helburuak ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea edota eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Begoña Landa Torre.
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta.
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz.
  • HAZIko ordezkaria: Amaia Igarzabal Deba.
  • Barrutialde BHIko ordezkaria: Enekoitz Urtusagasti García.

Baloratzerako orduan, besteak beste, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: Berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea; Busturialdean proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila, proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta gizarte-eragina.

Argazki galeria
Bideoa
Non aurkitu gure bulegoak?