Ekintzailetza
Jarri martxan!

Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketa

Ideiak aurkezteko epea 2018ko azaroaren 9an bukatuko da, 14:00etan

 

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, “Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketa” abian jarri dute, bosgarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko lau edizioetan, guztira, 75 enpresa eta enpresa ideiatik gora aurkeztu ziren.

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen “Lana bilatzea, Lana da” programa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren laugarren edizio honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.

Busturialdeko V. Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak, besteak beste, eskualdean ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira.

Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Halaber, posiblea da enpresa ideia edo 2018an sortutako enpresa bat aurkeztea.

Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpide, meritu eta elementuak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:

  • Izaera berritzailea: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.
  • Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.
  • Lantalde sustatzailearen gaitasuna (profil egokiak) proiektua arrakastaz garatu eta martxan jartzeko.
  • Proiektua Busturialdean gauzatzeko aukera edo eskualdera egokitzekoa.
  • Proiektuaren garapen- eta deskribapen-maila.
  • Proiektuaren jasangarritasuna (ingurumenari zein ekonomiari dagokienez).
  • Gizarte-eragina.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek heldu dan azaroaren 9ko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa abenduaren 13an izango da, ostegunean, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan, 19:00etatik aurrera.

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Gainera, lehen eta bigarren sarituei Arratzuko Elkartegiko langune bat doan itziko zaie urte batez. Hala ere, epaimahaiaren aburuz ideiek ez badute gutxieneko maila, sariak eman gabe geratu ahalko dira.

Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso eta entregatu beharko dira. Gainera, web-orri honen bitartez ere deskargatu ahal dira, albiste honen bukaeran. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, arestian aipatu zerbitzuetan, 2018ko azaroaren 9ko 14:00ak baino lehenago.

Sari banaketa Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan izango da, abenduaren 13an, ostegunean, 19:00etan

2017ko irabazleak

Joan zen urtean, Trustletters izeneko ideiak eraman zuen 3.000 euroko lehenengo saria. Trustletters-ek erabiltzaile egiaztatudun posta elektronikoko zerbitzua proposatzen zuen. Ideiaren sortzaileak, Aritz Urriolabeitia muxikarra eta Eneko Uriarte izan ziren.

Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Hil Argi izeneko proiektuak jaso zuen. Hil Argi kooperatibak heriotza onaren eskubidearen mesedetan gizartearen beharrizanei erantzuteko proiektua da, hileta laikoen zerbitzua, alegia. Jon Ander Urresti bermeotarra, Maite Aizpurua zumaitarra eta Aitane Goñi meñakarra izan ziren ideiaren sortzaileak.

Lehen sektorearekin zerikusia duen saria Errigoitin kokatutako Oraska artisau-ogi ekologikoa egiten duen Oraska lantegiak eraman zuen. Maddi Amezaga (Errigoiti) gaztea izan da ideiaren sortzailea.

 

Informazio gehiago eta izen-emate orriak

 

Argazki galeria
Bideoa
Non aurkitu gure bulegoak?