Busturialdeako Enpresa Ideia Lehiaketa

Busturialdeko X. Enpresa Ideia Lehiaketa 2023

2023/10/9 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta biltzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Busturialdeko X. Enpresa Ideia Lehiaketa abian jarri dute, hamargarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko bederatzi edizioak kontuan hartuta, guztira 160 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dira.

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen ‘Lana bilatzea, Lana’ da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren edizio berri honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.

Busturialdeko X. Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak, besteak beste, Busturialdean kultura ekintzailea sustatzea, komertzialki bideragarriak diren zerbitzu eta produktuak garatze aldera; eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea eta Busturialdeko ekonomiaren garapena bultzatzea eta sustatzea dira.

Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek parte hartu ahal dute, betiere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Zerbitzu edo produktu bat sortzeko ideiak edota 2023. urtean sortutako negozioak/enpresak izan daitezke, baina derrigorrez Busturialdean egon beharko dira, eta sustatzaileak/ek arestian adierazitako adin-betekizuna bete beharko du(te).

Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpideak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:

  1. Ideiaren originaltasuna eta berrikuntza maila: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.
  2. Talde edo norbanako ekintzaileak proiektua garatzeko dituen gaitasunak.
  3. Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.
  4. Negozioaren potentziala, garapen maila eta Busturialdean gauzatzeko bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.
  5. Eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, jasangarritasuna eta proiektuaren gizarte-erantzukizuna.
  6. Gizarte-eragina.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek datorren azaroaren 10ekoko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa azaroaren 23an izango da, 19:00etatik aurrera, Sukarrietako BBK Kliman.

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Gainera, lehenengo eta bigarren sarituei, urtebetez doako usufruktuan lan egiteko lanpostu bat utziko zaie Arratzu Elkartegia Langunean. Era berean,  Torrealday Aholkularitzak doan emango dio irabazleari urtebeteko iraupena izango duen aholkularitza-zerbitzua (fiskala, lanekoa eta kontabilitatekoa), eta bigarrenari, ordea, sei hilabetekoa.

Aurten, gainera, hiru sari horietatik aparte, Ü-BAI Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialetara bideratutako enpresa edo enpresa-ideia onena ere sarituko da. Horrek 1.000 euroko saria eramango du, betiere aurreko sarietako baten bat jaso ez badu.

Ü-BAI Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialak honakoak dira:

  • Turismo Jasangarria.
  • Arrantza eta Elikadura.
  • Egurra Eraldatzeko Berrikuntza Gunea.
  • Garapen Teknologiko-Enpresariala.

Epaimahaiaren iritziz ideiek ez badute gutxieneko kalitate eta originaltasun mailarik, sariak (bat, batzuk edo guztiak) eman gabe gera daitezke.

 

Ü-BAI Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialetara bideratutako enpresak edo enpresa-ideia onena sarituko da aurten

Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso ahal dira. Gainera, web-orri honen bitartez ere deskargatu ahal dira, albiste honen bukaeran. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, 2023ko azaroaren 10eko 14:00ak baino lehenago.

2022ko ideia irabazleak

Joan zen urtean, HAZIBERRIAK, Iñigo Arruabarrenak (33 urte, Ibarrangelu. Nekazaritzako ingeniari teknikoa) bultzatutakoak izan zuen lehen saria, espazio naturalen diseinuan eta instalazioan oinarritzen zan ideia eta martxan dago jada.

Bigarren saria,URDAIBAI SURF CENTER (USC)proiektuak lortu zuen. Proposamenaren atzean Unai Romero zegoen(22 urte, Busturia. ADEko ikaslea). Irristatze-kiroletarako parke tematikoen ideiarekin lotutako kontzeptu berri bat aurketu zuen eta baita sortu eta marxtan jarri ere.

Bestalde, ETXETXU TOMATIEK proiektuak lehen sektorearekin lotutako ideiarik onenaren saria lortu zuen, tomateen salmentan oinarritzen zen enpresa-ideia bat, Jon Gerrikaetxebarriaren eskutik (32 urte, Gernika-Lumo).

Eta, amaitzeko, ZURESKU proiektuak esparru teknologikoko Start Up bat sortzeko edo garatzeko enpresa-ideia onenaren saria lortu zuen, Marta Bosquet (25 urte, Bilbo. ADE + Kontuen Ikuskaritzako Masterra), Nora Ercoreca (24 urte, Bilbo. Gradua Gizarte Hezkuntzan eta Kirola, Hezkuntza eta Bizikidetzan Masterra egiten) eta Mikel Gimenoren (24 urte, Bakio. Industria Ingeniaritzako ikaslea) negozio ideia zan.

Oinarriak

Lehiaketaren oinarriak eta izen-emate orriak

Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketa

2022/12/20 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako Udalak batzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Busturialdeko IX. Enpresa Ideia Lehiaketako sariak banatu dituzte.

Sari banaketa ekitaldia Busturiako BBK Klima Abenturan burutu da eta zuzenean eman da webgune honen bidez. Haziberriak izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Urdaibai Surf Center (USC) ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Diruzko sariaz gain, bi irabazle hauei, Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere lagako zaie urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.

Guztira, 10 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.

Ideia irabazlea, HAZIBERRIAK, Iñigo Arruabarrenak (33 urte, Ibarrangelu. Nekazaritzako ingeniari teknikoa) bultzatutakoa izan da. Zerbitzua espazio naturalen diseinuan eta instalazioan oinarritzen da, permakultura zein nekazaritza eta abeltzaintza erregeneratiboaren ekarpenak kontuan hartuz. Eskainiko diren diseinu hauek hainbat elementu desberdin izango dituzte, haien artean elkarlana nabarmentzen da. Atal bakoitza sistema osoaren onura bilatuz diseinatzen da: ortuak, berotegiak, basoak, abeltzaintza, energia sistemak, hidrologia-diseinuak… “Orain arte Euskal Herrian ez da landa eremuak diseinatzeko joerarik izan, eta ondorioz, elikagaien ekoizpen prozesuetan efizientzia eta bioaniztasun galera izugarriak izan dira. Diseinu era honek, gure arbasoen ezagutza tradizionala eta teknologia batzen ditu, sistema guztiaren onurarako”, adierazi du Iñigok.

Bigarren saria, 2.000 eurokoa, URDAIBAI SURF CENTER (USC) proiektuak lortu du. Proposamenaren atzean Unai Romero dago (22 urte, Busturia. ADEko ikaslea). Irristatze-kiroletarako parke tematikoen ideiarekin lotutako kontzeptu berri bat da aurkeztutakoa. Mota horretako kirolak segurtasun eta erosotasun giroan egitea ahalbidetu nahi du. Erakargarri nagusia olatuen igerilekua da. 400-600 m2-ko azalerarekin, 40zm eta metro bat bitarteko olatuak sortzen ditu, ezin hobeak kirola egiten hasteko. Erakargarri osagarria Pump Truck-a da (Skate Park). Hemen irristatze-kirolen teknika eta ezagutza teorikoak praktikatzen dira gaian adituak diren monitoreekin.

Bestalde, ETXETXU TOMATIEK proiektuak lehen sektorearekin lotutako ideiarik onenaren saria lortu du (1.000 eurokoa). Tomateen salmentan oinarritzen den enpresa-ideia bat da. Jon Gerrikaetxebarriak (32 urte, Gernika-Lumo) azaldu duenez, bere produktu nagusia, dagoeneko merkaturatzen ari dena, negutegiko tomatea da, duela 50 urte baino gehiagotik hazia mantentzen eta gordetzen duen tomatea. Hazia berea denez, urtez urte aukeratzen ditu berarentzat tomaterik onenak direnak. Produktu onena nahi duten bezeroei zuzendutako proiektua da. Gaur egun, GazteNek Berri laguntza-programaren parte da.

Eta, amaitzeko, ZURESKU proiektuak esparru teknologikoko Start Up bat sortzeko edo garatzeko enpresa-ideia onenaren saria lortu du, 1.000 eurokoa. Marta Bosquet (25 urte, Bilbo. ADE + Kontuen Ikuskaritzako Masterra), Nora Ercoreca (24 urte, Bilbo. Gradua Gizarte Hezkuntzan eta Kirola, Hezkuntza eta Bizikidetzan Masterra egiten) eta Mikel Gimenoren (24 urte, Bakio. Industria Ingeniaritzako ikaslea) negozio ideia hau, Bermeoko ostalaritza eta baserriak/nekazariak biltzen dituen aplikazio batean laburbiltzen da, egunez egun aprobetxatzen ez dituzten produktuei irteera bat eman nahian, beren jarduera eta lehengaia ahalik eta gehien ustiatuz.

Hiri handietan “Too Good to go” bezalako aplikatiboak aurki daitezkeen bezala, ez dute uste oraingoz teknologia hori landa-inguruneari aplika dakiokeenik; beraz, hala badagokio, proiektua aplikazio-eredu erraz bat ezartzean datza, publiko objektiboarentzat irisgarria – oso publiko zabala –, Busturialde osoa konektatuko duen sare bat sortu ahal izateko itxaropenarekin. “Gure helburua eskura ditugun baliabideak aprobetxatzea eta gure ingurunean kontsumo arduratsua egitea da; izan ere, gaur egun, gure inguruan zakarrontzira botatzen den janari kantitatearen lekuko gara, eta munduaren etorkizuna gure adineko jendearen esku dagoela uste dugu”, adierazi dute.

Guztira, 7.000 euro banatu dira gazte ekintzaileei laguntzeko enpresa-proiektu berriak abian jartzeko

Lehiaketa eskualdeko gazteei zuzenduta dago, eta Busturialdeko gazteen artean kultura ekintzailea sustatzea eta enplegua sortzea du helburu.

Sariak Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Elkarteko lehendakariak eta Lourdes San Severino eta Alazne Zumeta Gernika-Lumoko eta Bermeoko Udaletako Gazteria zinegotziek banatu dituzte, hurrenez hurren.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Joseba Irazabal, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria eta Lanbide Ekimenak-eko Autoenplegu eta Enpresa teknikaria; Mikel Magunazelaia Pinaga, Busturialdeko Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkaria eta Foruko alkatea; Nerea Mintegi, Bermeoko Udaleko ordezkaria eta Bermeoaldeko Behargintzako zuzendaria; Leire Zaballa, Bizkaian HAZIko ekintzailetza-teknikaria; Unai Gorroño, Egoin S.A.ko marketin-zuzendaria; Begoña Andres, IES Barrutialdeko zuzendaria eta Bibiana Garcia Rodrigo, Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualde Garapeneko Zerbitzuko teknikaria. Epaimahaiak proposamenen izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea eta originaltasuna baloratu ditu; kalitatea eta enplegua sortzeko potentzialitatea edo proiektua eskualdean garatzeko aukerak ere bai, besteak beste.

Lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, laneratzea errazteko, ideia berritzaileei irteera emateko eta enpresa interesak saritzeko.

Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia Lehiaketa

2022/1/19 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartean batzen diren Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Morga, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera antolatzen duten Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. ‘Urgain’ enpresa ideiak lortu du lehenengo saria, 3.000 eurokoa eta ‘Melodeep’ izenekoak bigarrena, 2.000 eurokoa.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideia onena ‘Harri Artean Abentura Parkea’ ideiak eraman du. Azken honek 1.000 euroko saria lortu du.

Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian burutu da eta zuzenean eman da streaming bidez. Urgain enpresak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Melodeep izenekoak 2.000 euroko bigarren saria. Enpresa ideia bi hauen sustatzaileek, gainera, Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere izango dute urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.

Harri Artean Abentura Parkea ideiarentzat izan da Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideiarik onena. Sari berezi honek 1.000 euroko saria eraman du.

Guztira, 19 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.

Busturian dagoen Urgain enpresa irabazlea Busturialdean aitzindaria da, eta segurtasun eta berrikuntza zerbitzuen sektorera bideratuta dago, droneak erabiliz.

Ideia hobby batetik sortu zen, eta pixkanaka ezagutza eta aplikazio gehiago lortu dira, enpresa-proiektu bideragarri bat sor daitekeela ikusiz.

Jarduera ekonomikoa hainbat irudi lortzean eta tratatzean oinarritzen da, eta horietan oinarrituta hainbat proiektu egin daitezke. Ildo horretan, enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak askotarikoak dira, eta honako sektore hauetan aplikatzen dira: ingurumenaren zaintza eta kontrola, nekazaritza eta basozaintza, biodibertsitatea, azpiegituren azterketa, fotometria, larrialdia eta babesa eta aireko argazkia eta ikus-entzunezko filmazioa. Bai administrazio publikoan eta enpresa pribatuan, bai pertsona indibidualetan.

Borja Txertudi (Busturia, 1993) eta Ander Etxaniz (Busturia, 1992) gazteek adierazi dutenez, “enpresak droneen erabileran oinarritutako zerbitzu soil bat sal dezake askotariko irudi zehatzak lortzeko edo materialak edo fumigazioak garraiatzeko, besteak beste. Edo balio erantsiko produktu bat, hainbat sektoretarako tratatutako irudiak aztertu eta interpretatzean”.

Bigarren saria, Melodeep, Paul Larrozea (Bermeo, 1992) bermeotar gaztearen eskutik iritsi da. “Melodeep marka musika elektronikoaren zatirik ederrena erakusteko sortu zen, pintura, ikus-entzunezko ekoizpenak, dantza edo inspirazio iturri izan daitekeen beste edozein arte adierazpenekin nahastuta“, adierazi du.

Diseinuan eta Produktuaren Garapenean Masterra duen industria-ingeniari gazte honek, gaur egun DJ gisa eta ekitaldien sustatzaile eta antolatzaile gisa diharduenak, proposatzen duena da bertako artistak (DJ, musikariak, margolariak, dantzariak, aktoreak) bilduko dituzten pop-up ekitaldi batzuk sortzea, beste jarduera batzuez inguratuta, hala nola, Euskal Herrian egiten diren azoken tankerako tokiko produktuen tailer eta postuez. “Horrela, gauez irtetearen kontzeptuari eguneko alternatiba bat proposatuko litzaioke, jendea adierazpen artistikoen bidez inspiratzeko eta jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin konpromisoa duten tokiko ekoizleei ikusgarritasuna emateko“, adierazi du.

Bi sari horiez gain, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideiarik onena saritu da, izan ere, Urdaibai Euskadiko lehen turismo-helmuga jasangarria izendatu dute joan den udan. Harri Artean Abentura Parkea izan da ideia irabazlea.

Jarduera ekonomikoa Ereñon dagoen abentura anitzeko parke baten ustiapenean oinarritzen da. Parke horretan, lursailaren zati bat baliatuko dute autokarabanentzako aparkaleku ekologiko bat sortzeko, turismo jasangarrirako espazio bat eskainiz.

Zerbitzua parke barruan eskainiko diren jarduera batzuk izango dira, natura eta ingurumena ahalik eta gehien errespetatzen saiatuz. Jarduera guztiak zuhaitzekin eta arrokekin lotuta egongo dira, adibidez: harkaitzetako labirinto natural bat, eskalatzeko gunea, bulderra eta speed climbinga; burdinbide bat, slackline, tirolinak, skate pista bat, aisialdirako eta jolaserako gune bat…

Aser Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1999) sustatzaileak azaldu duenez, “parkeaz gain, autokarabanak aparkatzeko zona bat sortuko da, eremu horretan eskaera handia dagoelako eta gaur egun aparkatzeko eta gaua igarotzeko espazio egokiturik ez dutelako“.

Guztira, 6.000 euro banatu dira negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko

Guztira, 6.000 euro banatu dira negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko. Gainera, bi ideia irabazleak Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere izango dute urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresa gernikarrak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.

Sari banaketa ekitaldia era presentzialean burutu da baina zuzenean eman da www.gaztedibusturialdea.eus webgunearen bitartez. Besteak beste, Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiaren Kabinetea Koordinatzeko zuzendari nagusiak, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Alazne Zumeta Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Ager Lejarreta Busturialdeko Landa Garapenerako Elkarteko lehendakari eta Ereñoko Udaleko alkateordeak banatu dituzte sariak.

Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan zortzigarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Nerea Mintegi, Bermeoko Udaleko ordezkaria eta Bermeoaldeko Behargintzako zuzendaria; Joseba Irazabal, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria eta Lanbide Ekimenak-eko autoenpleguko eta enpresako teknikaria; Joseba Mallea, Mendatako alkatea eta Busturialdeko Landa Garapenerako Urremendi Elkarteko gazteen ordezkaria; Leire Zaballa, Bizkaiko haziko ekintzailetzako teknikaria; Begoña Andrés, Barrutialde institutuko zuzendaria; Borja Lastra, Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualde Garapeneko Zerbitzuko teknikaria eta Unai Gorroño, Egoin SAko Merkataritza eta Marketineko zuzendaria.

Besteak beste, proposamenen izaera berritzailea, ematen duen balio erantsia eta originaltasuna, enplegua sortzeko potentzialtasuna eta haren kalitatea, edo proiektua eskualdean garatzeko gaitasuna baloratu dute.

Busturialdeko VII. Enpresa Ideia Lehiaketa

2020/12/18 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkartean batzen diren Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Morga, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek antolatzen duten Busturialdeko VII. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. ‘ArrAIn’ izeneko ideiak lortu du lehenengo saria, 3.000 eurokoa eta ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural izenekoak bigarrena, 2.000 eurokoa. Lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren saria, berriz, ‘Bertokuek’ enpresarentzat izan da eta COVID-19aren eragina arintzera bideratutako enpresa ideia onena ‘DI-DA Busturialdeko Delivery Zerbitzua’ ideiak eraman du. Azken bi hauek 1.000 euroko sari bana lortu dute.

Online burutu da Busturialdeko VII. Enpresa Ideia lehiaketaren sari banaketa ekitaldia eta zuzenean eman da streaming bidez. ‘ArrAIn’ izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural ideiak 2.000 euroko bigarren saria. Enpresa ideia bi hauen sustatzaileek, gainera, Arratzuko Elkartegiko langune bat doan erabiltzeko aukera ere izango dute urte batez euren ideia aurrera eramateko. Halaber, Torrealday Aholkularitza empresak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) eman dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa. Guztira, 32 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak, inoiz baino gehiago.

Lehenengo saria jaso duen ArrAIn ideia, proiekzio konputazionalean, adimen artifizialean eta Big Datan oinarritutako sistema da. Ibon Reinoso (Bermeo, 1994) bermeotarra eta Eneko Gonzalez de Audikana (Etxebarri, 1996) eta Mikel Amutio (Etxebarri, 1996) dira ideiaren hiru sustatzaileak.

Aipatu dutenez, “eskandailua monitorizatu eta doitzeko erabiliko da, une honetan erabiltzen den teknika tradizionala, oso motela eta zehaztasun gutxikoa baita. Sistema horri esker, ontzi jakin batean harrapatutako espezieei buruzko informazioa zehatz eta denbora errealean monitorizatu ahal izango da, hobeto saldu ahal izateko. Gainera, arrantzaguneen trazabilitatea ez ezik, harrapatutako populazioa tailaketaren bidez ikusteko gaitasuna ere kontuan hartuko da”.

“Gure ustez, itsas sektorea babesteko ardura dugu, historikoa delako gurean. Arrantza-sektorea bolada txarrean dago eta, ondorioz, itsasotik bizi diren familia osoak arriskuan daude”, gaineratu du Ibon Reinosok, ideiaren sustatzaileetako batek.

Bigarren saria ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural izeneko enpresa ideiarentzat izan da. Ekitaldietarako eta landa-ostaturako gunea da ‘N’, Gernika-Lumoko Cid Foruria neba-arreben eskutik, Yaiza (Gernika-Lumo, 1986), Ania (Gernika-Lumo, 1990) eta Aser (Gernika-Lumo, 1999). Ideia euren ekitaldi-enpresa propioa sortu zutenean espazio falta zegoela ikusi eta sortu zen. “Ekitaldiaren zerbitzu integrala eskaini nahi dugu, enpresa, erakunde eta partikularrek kultura, enpresa edo gizarte arloko ekitaldiak alokatu eta horiei lekua egin ahal izateko. Bertan, gainera, bertaratzen direnek ostatu hartu ahal izango dute. Gure eskualdean esperientziak sortzeko gune bat, non ekitaldien eta aisialdiaren sektoreko enpresek beren produktua gure ingurunean eskaini ahal izango duten”, aipatu dute.

Lehen sektorearekin lotutako ideia onena Bertokuek enpresa izan da. Xabier Ortuzarrek (Bermeo, 1986), Mikel Vallek (Bermeo, 1986) eta Endika Baonzak (Bermeo, 1998) aurten martxan jarritako enpresak bi ardatz ditu: batetik bertoko produktuen kontsumoa sustatu eta gure ekoizleak balioan jartzea eta, bestetik, inguruko soroak eta bedarguneak biziberritu eta aktibatzea. “Gure esku dagoen guztia egingo dugu bertoko ekoizleak gure egunerokotasunera ekartzeko, promozioa, banaketa… Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko erlazio bat sortu nahi dugu eta horretarako Bermeon denda bat ireki dugu. Gainera, inguruko soroak egokitzeko mantenu-lanak ere eskainiko doguz”, aipatu dabe sustatzaileek.

Martxotik bizi dugun ezhoiko pandemia egoera dela eta, bigarren sari berezia COVID-19ak eragindako egoera arintzera bideratutako ideia onenari eman zaio, ‘DI-DA Busturialdeko Delivery Zerbitzua’ izenekoari, hain justu. Bitartekari lanak egiten dituen zerbitzu-enpresa da, Delivery-az, hau da, denda eta jatetxeetatik etxeetara produktuak garraiatzeaz arduratzen dena. “Ez gara jatetxeetako janaria entregatzeaz soilik ari. DI-DA enpresako garraiolariek denetarik eramango dute etxeetara (supermerkatuko erosketa, medikamentuak, ferreteriako produktuak, ogia, tabakoa, optikako lentilak, e.a.) komisio baten truke”, esan dute Leire Gomezek (Gernika_lumo, 1998) eta Olaia Arejitak (Arratzu, 1997) , ideiaren sustatzaileak.

Guztira, 7.000 euro banatu dira saritan negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko

Sari banaketa ekitaldia online burutu da, zuzeneko streaming bidez www.gaztedibusturialdea.eus webgunearen bitartez. Ekitaldiak honakoak batu ditu zuzenean: Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Saileko Zuzendaria; Aritz Abaroa, Bermeoko alkate-jauna; Jon Lejarraga, Gernika-Lumoko zinegotzia eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente eta Ereñoko alkateorde, Ager Lejarreta.

Busturialdeko VII. Enpresa Ideia lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan zazpigarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nerea Mintegi Elorriaga (Behargintzako zuzendaria).
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz (Gaztedi Busturialdeako ordezkaria).
  • Barrutialde Institutuko zuzendaria: Begoña Andrés Elorriaga.
  • HAZIko ordezkaria: Leire Zaballa Larizgoitia (Ekintzailetza teknikaria).

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek hartu dira kontuan: izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina.

Busturialdeko VI. Enpresa Ideia Lehiaketa

2019/12/20 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko VI. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Yaiza eta Ania Cid Foruria ahizpa gernikarrek lortu dute lehenengo saria, 3.000 eurokoa Növérek Events izeneko ideiarekin. Lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren saria, aldiz, Eider Urrutia bermeotarrak lortu du ‘Mikobaso’ ideiarekin.

Busturialdeko VI. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia izan da Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrean. Növérek Events izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Mikobaso ideiarentzat izan da lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren 1.000 eurokoa. Gainera, lehen sarituek Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea ere irabazi dute. Guztira, 7 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.

Lehenengo saria jaso duen Növérek Events era guztietako ekitaldiak antolatu, kudeatu eta koordinatzea helburu duen enpresa da. Yaiza Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1986) eta Ania Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1990) ahizpa gernikarrak dira enpresa ideiaren sustatzaileak eta aurten martxan jarri dute euren ametsa. “Gure helburua ez da ekitaldiak sortzea, esperientzia ahaztezinak diseinatzea baizik” diote. Eskualdean zein inguruan zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen dituzte. Erakunde zein norbanakoentzako ekitaldien antolakuntza eskaintzen dute, besteak beste, enpresa-ekitaldiak, azokak, ezkontzak, erakustaldiak, kongresuak, kontzertuak, ikuskizunak edo orotako gizarte-ekitaldiak. “Ideiak gure buruan zeraman urteetan zehar, baina martxan jarri aurretik honetan trebatu gara, bidaiatu eta esperientzia ezberdinak bizi atzerrian ekitaldiak antolatuz. Bi emakume ekintzaile gara, lan hau guztiz bokaziozkoa da eta gure sormen guztia garatzeko aukera ematen digu”, esan digute ahizpa gernikarrek.

Bestetik, lehen sektorearekin lotutako ideia onena Mikobaso izan da, baso ustiapen ereduaren eraldaketan oinarritzen den enpresa ideia. Lursailen erabilera aldatzeko alternatiba jasangarriago bat eskainiko die bezeroei, hain zuzen ere, etekin ekonomikoaren jatorria aldatzea eta onddoen ekoizpena gure basoetan ezartzea. Eider Urrutia (Bermeo, 1991) da ideiaren sustatzailea. Ingurumen Zientzietan Graduatua da eta biodibertsitatearen kontserbazioan oinarritutako masterra du. “Biodibertsitatean eta ingurumenean hobekuntzak eragiten dituenez, gizarte osoarentzako onuragarria den jarduera dela esan dezakegu”, dio Urrutiak. “Gainera bertoko onddoak ekoiztean, bertoko produktuen komertzioa sustatzen da, hornitzaile eta komertzio zein jatetxeen arteko sare lokala hobetuz”, gaineratu du.

Guztira, 4.000 euro banatu dira saritan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti ere, eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea delarik

Guztira, 4.000 euro banatu dira diru-saritan (eta urtebeteko elkartegiko langunea lehen sarituentzat) negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko. Lehiaketaren helburuetako bat eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea da.

Sari banaketa ekitaldian, besteak beste, Maitane Leizaola, BFAko Ahaldun Nagusiaren Kabineteko Koordinaziorako Zuzendari Nagusiak; Aritz Abaroa, Bermeoko Udaleko alkateak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente eta Ereñoko Udaleko alkateordea, Ager Lejarretak, parte hartu dute.

Busturialdeko VI. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek jarri dute martxan seigarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Honako hauek osatu dute aurtengo epaimahaia:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nere Mintegi Elorriaga (Bermeoaldeko Behargintzako zuzendaria).
  • Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria: Paula Pereda Perez (BEAZeko teknikaria).
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).
  • HAZIko ordezkaria: Leire Zaballa Larizgoitia (Ekintzailetza teknikaria).
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz (Gaztedi Busturialdeako ordezkaria).

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek hartu dira kontuan: izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen ahalmena eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta ideiak duen gizarte-eragina.

Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketa

2018/12/14 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Irati Arrien Jauregi gernikarrak lortu du lehenengo saria, 3.000 eurokoa ’Glamping Busturialdea’ izeneko ideiarekin. Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Ander Etxaniz de Miguel eta Borja Txertudi Gangoiti  busturitarrek lortu dute ‘Hondabizi’ ideiarekin.

Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Glamping Busturialdea izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria eta Hondabizi ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Gainera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea ere irabazi dute. Guztira, 13 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak.

Lehenengo saria jaso duen ‘Glamping Busturialdea’ eskualdean kokatuko den eta %100ean jasangarria izango den glamping-a da. Busturialdean turismo natural eta jasangarria sustatzeko ostatu alternatiboa proposatzen du Irati Arrien Jauregi (Gernika, 1996) gazteak. Ideiaren sustatzailea Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan (LEINN) graduatua da eta 22 urte ditu eta azken urteetan internazionalizazio eta hezkuntza proiektuetan lanean aritu da mundu osoan. “Mundu osoan gure proiektuek inpaktua zutela ikusten genuen, baia neure inguruaren garapenerako ez nintzela ezer egiten ari konturatu nintzen. Eskualdeko hainbat jardunalditan parte hartu nuen orduan. Eskualdearen aldaketan dudan erantzunkizunaren jabe naiz. Urdaibain garapenerako eta negozioetarako aukerak ikusten ditut”, esan du.

Bigarren saria jaso duen ‘Hondabizi’ ideiak produktu lehiakorrak sortzeko hondakin organikoen kudeaketa, tratamenduak eta balio erantsiko soluzioak eskaintzen ditu. “Ideia sortzen ditugun hondakinek suposatzen duten arazotik agertzen da, hauek kudeatu eta berrerabilpen egoki bat emateko ideiatik. Busturialdean daukagun egoera aztertu ostean sortzen da ideia, merkatua hau garatzeko aukera ikusten dugu eta ingurumenarekin eta jasangarria den bizitzeko modu batekin konpromezua duen enpresa bat martxan jarri nahi dugu”, diote sustatzaileek.

Ander Etxaniz de Miguel (Busturia, 1992) eta Borja Txertudi Gangoiti (Busturia, 1993) biak dira busturitarrak. Etxaniz Geologian graduatua da eta Ingurumenari aplikatutako bioteknologia ikasten ari da. Txertudi, berriz, Elektromekanika ikasitakoa da eta “landa eremuan bizi izaterakoan, txikitatik  ezagutu dut hondakin organiko ezberdinen balorizazioa, bai lurren emankortasunerako edo bai erabilera energetikoetarako” dio.

Guztira, 5.000 euro banatu dira saritan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti ere, eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea delarik

Guztira, 5.000 euro banatu dira saritan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko. Lehiaketaren helburuetako bat eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea da. Gainera, proiektu irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dute, Busturialdeko Gazteria zerbitzuek ordainduko baitute langune hori.

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Juan Karlos Agirre, Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak; Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko Udaleko alkateak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak eta Kortezubiko Alkateak, Ibon Legarza Albizurik, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko V. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan bosgarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nere Mintegi Elorriaga (Behargintzako zuzendaria).
  • Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria: Paula Pereda Perez (BEAZeko teknikaria).
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).
  • HAZIko ordezkaria: Elisabet Gorospe Gorostiza (Ekintzailetza eta prestakuntza arloko arduraduna)
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz (Gazteriako ordezkaria)

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek hartu dira kontuan: izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina.

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketa

2017/12/15 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Aritz Urriolabeitia Arrien eta Eneko Uriarte Román gazteek eskuratu dute lehen saria, 3.000 eurokoa, ‘Trustletters’ izeneko ideiarekin. Bigarren saria, 2.000 eurokoa, Jon Ander Urrestik, Maite Aizpuruak eta Aitane Goñik lortu dute ‘Hil Argi’ ideiarekin. Maddi Amezaga Arriagak aurkeztutako ‘Oraska S.L.’ enpresak lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenaren saria jaso du.

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da abenduaren 15ean Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Trustletters izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehen saria eta Hil Argi ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Gainera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko langunea irabazi dute. Lehen sektorearekin zerikusia duen enpresa ideiarik onenaren 1.000 euroko saria, bestalde, Oraska S.L.-k eraman du. Guztira, 15 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak, joan zen urteko parte-hartzea bikoiztuz.

Lehenengo saria jaso duen Trustletters erabiltze egiaztatudun posta elektronikoa da. Hau da, erabiltzaileak egiaztatu egin behar dira, beraien nortasun agiria aurkeztu behar dute. Beraz, aurrerantzean posta elektronikoa ez da anonimoa izango, igorlearen izena agertuko baita beti, egiaztatua izango baita aurretik beti. Ideiaren sortzaileak, Aritz Urriolabeitia Arrien (Muxika, 1992) eta Eneko Uriarte Román (Gasteiz, 1995) dira. Biak dira Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Graduatuak.

Bigarren saria jaso duen Hil Argi ideiak heriotza onaren eskubidearen mesedetan gizartearen beharrizanei erantzuteko proiektua izan nahi du, hileta laikoen zerbitzua, alegia. Beti ere, lekuko proiektua eta bezeroekin harreman hurbilean oinarritzen den proiektua izanik. Hil Argik hiru ildo nagusitan garatzea du helburu: hileta zerbitzuak, esku-hartze soziala eta ikerketa soziala eta estetikoa.

Jon Ander Urresti Ugalde (Bermeo, 1992), Aitane Goñi Landa (Meñaka, 1990) eta Maite Aizpurua Olaizola (Zumaia, 1990) gazteak dira ideiaren sortzaileak. Jon Ander Filosofian Graduatua da, Aitane Soziologian Lizentziatua eta Antropologia Sozial eta Kulturalean Lizentziatua eta Maite, berriz, Historian Lizentziatua.

Bestalde, lehen sektorearekin zerikusia duen enpresa ideiarik onenaren saria Oraska S.L.-k eraman du. Oraska proiektua Errigoitin kokatutako artisau-ogi ekologikoa egingo duen lantegia da, garia edo beste zereal batzuetatik eratorritako produktuak eskainiko dituena. Gainera, Oraskak produktuen eskaintza zabalduko du etorkizunean, ortuko produktu ekologikoak eskainiko baititu. Oraskaren filosofia agroekologian oinarrituko da, hau da, produkzio prozesuan gardentasuna, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko hurbiltasuna, biodibertsitatearen zaintza, autogestiorako gaitasuna eta elikadura-subiranotasuna.

Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) da. Maddi Amezaga Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoan teknikaria da. Joan zen urtean lehen saria eraman zuen Aldapeko Ahuntz Esnekiak ideiarekin.

Guztira, 6.000 euro banatu dira sarietan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti ere, eskualdean lanpostu berrien sorrera bermatzea delarik

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Juan Karlos Agirre, Bermeoko Udaleko Gazteria zinegotziak; Lourdes San Severino, Gernika-Lumoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak eta Mendatako Alkateak, Joseba Mallea Lamikiz, parte hartu dute ekitaldian, beste batzuen artean.

Busturialdeko IV. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria Zerbitzuek jarri dute martxan laugarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Nere Mintegi Elorriaga (Behargintzako Zuzendaria).
  • Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria: Aritz Kobeaga Arranz (BEAZeko teknikaria).
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta (Lanbide Ekimenak-eko teknikaria).
  • HAZIko ordezkaria: Leire Zaballa.
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz.

Enpresa ideiak baloratzeko orduan, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa

2017/6/2 gaztedi

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek antolatu duten “Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketara” zazpi ideia aurkeztu dira 2016an eta irabazle bi izan dira. Hain zuzen ere, ALDAPEKO AHUNTZ ESNEKIAK izeneko ideiak irabazi  du 3.000 euroko lehen saria eta bigarren saria, aldiz, NAGUSIALDE ideiarentzat izan da, 2.000 eurokoa.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Mundakako Tribisarrospe eraikinean burutu da.

Lehenengo saria jaso duen Aldapeko Ahuntz Esnekiak, Guadarrama arrazako ahuntz esneki ekologikoak ekoiztea du helburu: antxumea, jogurta, esnekiak eta gazta, hain justu.

Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) gaztea izan da. Maddi Amezaga Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan teknikaria da.

Bigarren saria jaso duen Nagusialde proiektuaren helburua dementziadun pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea da Busturialdeko eskualdean, arlo kognitiboa, emozionala, konduktuala eta soziala landuz etxez-etxeko arreta psikologikoa emanez.

Legendika Zuazua Romero, 1991n jaiotako gernikar gaztea izan da ideiaren sortzailea. Psikologian graduatua, Osasun Psikologia Orokorreko masterra, Neuropsikologian aditua graduondokoa eta Psikogerontologian Espezialista Graduondokoa.

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusia, Benito Ibarrolaza Bermeoko Alkateordea, Lourdes San Severino, Gernika-Lumoko udaleko Gazteria zinegotzia eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente eta Arratzuko Alkateak, Josu Sabin Olanok, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta  Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan eta bere helburuak ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea edota eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Begoña Landa Torre.
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta.
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz.
  • HAZIko ordezkaria: Amaia Igarzabal Deba.
  • Barrutialde BHIko ordezkaria: Enekoitz Urtusagasti García.

Baloratzerako orduan, besteak beste, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: Berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea; Busturialdean proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila, proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta gizarte-eragina.

Busturialdeko II. Enpresa Ideia Lehiaketa

2017/6/1 gaztedi

Sotapatroi izeneko ideiak jaso du Busturialdeko II. Enpresa Ideia lehiaketaren lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Sarekin-ek bigarrena, 2.000 eurokoa, eta Urdaibarraski-k lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenaren saria jaso du, 1.000 euroko saria. Ekitaldia Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan burutu da.

Lehenengo saria jaso duen Sotapatroi aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzen duen sistema bat sortzea du helburu, patroia uretara eroriz gero ontzia geldiaraziko duen sistema, teknologi irekiak diren Arduino plataforma elektronikoa eta Ibeacon seinale igorlea Bluetooth bidez elkartuz.

Ideiaren sortzaileak, Iban Bilbao (Bermeo, 1982) eta Igor Etxaburu (Bermeo, 1981) bermeotarrak dira. Iban Bilbao Telekomunikazio sistemak eta Informatika aplikazioen garapeneko goi mailako zikloak egin ditu eta Igor Etxaburu Industri antolakuntzan ingeniaria da.

Bigarren saria jaso duen Sarekin ideia, arrantzarako erabiltzen diren sareekin produktu eta proiektu berriak egin ahal izatea proposatzen du, itsas-hamakak edo sare-arkitektura diseinu berriak, esate baterako.

Ideiaren sortzaileak Isabel Olalla (Mundaka, 1990) eta Naroa Oleaga (Mundaka, 1987) mundakarrak dira. Isabel Arkitekturan lizentziatua da eta une honetan “Eraikitako ondarearen eta eraikinen birgaitze, zaharberritze eta kudeaketan” masterra egiten ari da, EHUn. Naroa arkitekturako ikaslea da, une honetan gradu bukaerako proiektuarekin dabil.

Bestalde, lehen sektorearekin zerikusia duen ideiarik onenaren saria Urdaibarraski-k eraman du. Ideia barraskilo granja bat sortzea da, horrela, barraskilo freskoa, ontziratutako barraskiloa eta honen kabiarra saltzeko.

Ideiaren sortzaileak Xabier Garabiota (Bermeo, 1989) eta Iñigo Aramburu (Bermeo, 1987) gazte bermeotarrak dira. Ikasketaz, Xabier Garabiota Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua da eta Iñigo Aramburu, aldiz, Ingeniaritza Zibilean graduatua.

Horrela, lehenengo sarituak 3.000 euroko saria jaso du, bigarrenak 2.000 euro eta lehen sektoreagaz zerikusia daukan ideiarik onenak 1.000 euro.

Iñaki Gorroño Gernika-Lumoko Alkatea-ordea, Idurre Bideguren Bermeoko Alkateak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidente-ordea eta mendatako Alkateak, Joseba Malleak, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko II. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuekin batera, jarri du martxan eta bere helburuak ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea edota eskualdeko ekonomia sustatzea dira. Lehiaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatuta dago, ‘Lana bilatzea, lana da’ programaren barne. Lehiaketaren bigarren edizio honetara 15 enpresa ideia aurkeztu dira.

Epaimahaia honako hauek osatu dute:

  • Bermeoko Udaleko ordezkaria: Irune Ormaetxea Legarreta
  • Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta
  • Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz
  • HAZIko ordezkaria: Amaia Igarzabal Deba
  • Barrutialde BHIko ordezkaria: Begoña Andres Elorriaga

Baloratzerako orduan, besteak beste, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: proposamenaren izaera berritzailea, balio erantsia edota originaltasuna; proiektua bideragarria izatea, teknikoki, ekonomikoki eta merkatura begira; enplegua sortzeko daukan potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea edota Busturialdeko eskualdean proiektua aurrera eramateko aukera.

Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa

2017/5/31 gaztedi

Ekintzaileentzako Ikaskuntza Bidaiak izeneko ideiak jaso du Busturialdeko I. Enpresa Ideia lehiaketaren lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Dalata.net-ek bigarrena, 2.000 eurokoa, eta Longane – Urdaibai SL-k lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenaren saria jaso du, 1.000 euroko saria. Sari banaketa ekitaldia Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan burutu da.

Lehenengo saria jaso duen Ekintzaileentzako Ikaskuntza Bidaiak ekintzailetzarekin zerikusia duten ikaskuntza bidaiak antolatzeko start up bat sortzea du helburu, batetik kooperatibagintza kultura hedatzeko eta bestetik euskal gazteriak beste herrialde batzuetako enpresa mundua ezagutzeko. Ideiaren sortzailea, Jon Ander Musatadi 21 urteko gernikarra da, Mondragon Unibertsitatean ari da Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua burutzen eta jada Txinara egingo duen lehen kontakturako bidaia buruan du.

Bigarren saria jaso duen Dalata.net Bermeoko kontserbak eta turismoa uztartzen dituen enpresa da, 2014an sortua eta aurtengo Arrain Azokan ezagutzera eman dena. Ideiaren sortzaileak Unai Bilbao eta Ekaitz Goienetxea bermeotarrak eta Sergio Matellanes bilbotarra dira. Unai harreman publikoen eta webgunearen programazio arduraduna da. Ikasketaz, ingeniari tekniko industriala da. Ekaitz, berriz, marka, komunikazioa eta diseinu arduraduna da. Ikasketaz, kazetaritzan lizentziatua da. Azkenik, Sergio banaketa eta administrazio arduraduna da. Ikasketaz, goi teknikaria telekomunikazio sistematan eta administrazio sistematan.

Bestalde, lehen sektorearekin zerikusia duen ideiarik onenaren saria Longane – Urdaibai SL, eskualdeko nekazaritza eta produktuen dinamizazio plataformak eraman du. Ideiaren sortzaileak anai bermeotar bi dira. 22 urteko Psikologia Graduatua den Xabier Ojinaga eta 24 urteko Mikel Ojinaga nekazal ingeniaria.

2014ko otsailean sortutako enpresa da Longane, Bermeoko Landa eremuan kokatua. Bi ardatz nagusi ditu: euren baserrian ekoizten diren produktuak gero eta ekologikoagoak izatea eta eskualdeko ekoizle eta bezeroen arteko harreman zuzena bermatzea. Longane Urdaibaik, produktu naturalak ekoizteaz gain, Euskal Herriko produktuak Internet bidez ere saltzen ditu, www.longane.es webgunearen bidez.

Idurre Bideguren Bermeoko Alkateak, Maitane Leizaolak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendari Nagusiak, eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak, Josu Olanok, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa hau Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Gernika-Lumoko eta Bermeoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, eta bere helburuak enplegua sortzea eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea dira, beste batzuen artean. Lehiaketara 24 enpresa eta enpresa ideia aurkeztu dira eta maila oso ona izan dute.

Non aurkitu gure bulegoak?