Ekintzailetza
Jarri martxan!
Irabazlea Jon Ander Musatadi - EKINTZAILEENTZAKO IKASKETA BIDAIAK - Gernika

Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa

2014/12/19 - Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan burutu da sari banaketa

Ekintzaileentzako Ikaskuntza Bidaiak izeneko ideiak jaso du Busturialdeko I. Enpresa Ideia lehiaketaren lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Dalata.net-ek bigarrena, 2.000 eurokoa, eta Longane – Urdaibai SL-k lehen sektorearekin zerikusia duen ideia onenaren saria jaso du, 1.000 euroko saria. Sari banaketa ekitaldia Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan burutu da.

Lehenengo saria jaso duen Ekintzaileentzako Ikaskuntza Bidaiak ekintzailetzarekin zerikusia duten ikaskuntza bidaiak antolatzeko start up bat sortzea du helburu, batetik kooperatibagintza kultura hedatzeko eta bestetik euskal gazteriak beste herrialde batzuetako enpresa mundua ezagutzeko. Ideiaren sortzailea, Jon Ander Musatadi 21 urteko gernikarra da, Mondragon Unibertsitatean ari da Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua burutzen eta jada Txinara egingo duen lehen kontakturako bidaia buruan du.

Bigarren saria jaso duen Dalata.net Bermeoko kontserbak eta turismoa uztartzen dituen enpresa da, 2014an sortua eta aurtengo Arrain Azokan ezagutzera eman dena. Ideiaren sortzaileak Unai Bilbao eta Ekaitz Goienetxea bermeotarrak eta Sergio Matellanes bilbotarra dira. Unai harreman publikoen eta webgunearen programazio arduraduna da. Ikasketaz, ingeniari tekniko industriala da. Ekaitz, berriz, marka, komunikazioa eta diseinu arduraduna da. Ikasketaz, kazetaritzan lizentziatua da. Azkenik, Sergio banaketa eta administrazio arduraduna da. Ikasketaz, goi teknikaria telekomunikazio sistematan eta administrazio sistematan.

Bestalde, lehen sektorearekin zerikusia duen ideiarik onenaren saria Longane – Urdaibai SL, eskualdeko nekazaritza eta produktuen dinamizazio plataformak eraman du. Ideiaren sortzaileak anai bermeotar bi dira. 22 urteko Psikologia Graduatua den Xabier Ojinaga eta 24 urteko Mikel Ojinaga nekazal ingeniaria.

2014ko otsailean sortutako enpresa da Longane, Bermeoko Landa eremuan kokatua. Bi ardatz nagusi ditu: euren baserrian ekoizten diren produktuak gero eta ekologikoagoak izatea eta eskualdeko ekoizle eta bezeroen arteko harreman zuzena bermatzea. Longane Urdaibaik, produktu naturalak ekoizteaz gain, Euskal Herriko produktuak Internet bidez ere saltzen ditu, www.longane.es webgunearen bidez.

Idurre Bideguren Bermeoko Alkateak, Maitane Leizaolak, Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendari Nagusiak, eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak, Josu Olanok, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko I. Enpresa Ideia Lehiaketa hau Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Gernika-Lumoko eta Bermeoko udaletako gazteria zerbitzuek jarri dute martxan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, eta bere helburuak enplegua sortzea eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea dira, beste batzuen artean. Lehiaketara 24 enpresa eta enpresa ideia aurkeztu dira eta maila oso ona izan dute.

Argazki galeria
Bideoa
Non aurkitu gure bulegoak?