Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta biltzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak Busturialdeko XIII. Enpresa Ideia Lehiaketa antolatu dute Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, “Lana bilatzea, Lana da” eskualdeko gazteei laguntzeko programaren barruan.
Lehiaketaren helburuak, besteak beste, Busturialdean kultura ekintzailea sustatzea, komertzialki bideragarriak diren zerbitzu eta produktuak garatze aldera; enplegua eta aberastasuna sortzea Busturialdean eta eskualdeko ekonomiaren garapena bultzatzea eta sustatzea dira.
Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek parte hartu ahal izango dute, Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta badaude eta negozio-ideia eta jarduteko gaitasun osoa badute, eta enpresa-ideia (enpresa edo ekoizpen-gunea) Busturialdean badago. Zerbitzu edo produktu baten ideia sortzaileak izan daitezke, edo 2025ean edo 2026an sortutako negozioak/enpresak, baina derrigorrez Busturialdean kokatuta egon beharko dute.
Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpide, meritu eta elementuak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:
1. Ideiaren originaltasuna eta berrikuntza maila: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.
2. Talde edo norbanako ekintzaileak proiektua garatzeko dituen gaitasunak.
3. Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.
4. Negozioaren potentziala, garapen maila eta Busturialdean gauzatzeko bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.
5. Eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, jasangarritasuna eta proiektuaren gizarte-erantzukizuna.
6. Gizarte-eragina.
Lau sari hauek emango dira:
1. saria: 3.000 € + Urtebeterako aholkularitza zerbitzua
2. saria: 2.000 € + Sei hilabeterako aholkularitza zerbitzua
Lehen sektorearekin lotutako ideia onena: 1.000 € (Aurreko sarietakoren bat jaso ez badu).
Ekonomia Urdinagaz lotutako sari berezia: 1.000 € (Aurreko sarietakoren bat jaso ez badu).
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek azaroaren 6ko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sariak azaroaren 26an banatuko dira, Busturiko BBK Kliman.
Ekonomia urdinagaz lotutako sari berezia (1.000 euro) emango da aurten
Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso ahal dira. Gainera, web-orri honen bitartez ere deskargatu ahal dira, albiste honen bukaeran. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira.




















